SKALARIAK

SKALARI

SKALARIAK "ITZALETIK EGUZKIRA"

Ghettoa utzi eta kaleak bereganatzeko asmoarekin datoz Skalariakekoak. Jamaikar erritmoak lau haizeetara zabalduko dituzte urtean zehar egin behar dituzten kontaezinezko kontzertuetan. Behar bezalako ongietorria egingo al diezu?

Entzun!: 1997an kaleratu zenuten lehen diska. Badira, beraz, urte batzuk musika munduan murgilduta zaudetela. Nolakoak izan dira azken urte hauek?

Iart: Juantxo eta Peio Skalari anaiak izan ziren taldeari hasiera eman ziotenak. Garai hartan ez zegoen Iruñean ska talderik, eta orohar, Euskal Herrian txikia zen ska musikarekiko zaletasuna. Musika estilo hau ezagutzera eman nahian sortu zuten taldea. Hainbat kontzertu eman eta gero, Gor disketxearekin grabatzeko aukera izan zuten, eta "Skalariak" lehen iraupen luzea iristen da. Horren ondoren, kontzertu asko, baita nazioartean ere, eta "Klub Ska" bigarren lana argitaratzen dugu. Eboluzioa nabari daiteke diska batetik bestera eta orain hirugarren honekin gatoz "En la calle" izenekoa. Kaki Arkarazorekin grabatu dugu.

E!: Ska musika egiten duzue, baina ska musikaren barruan beste musika estilo desberdinen eragina handia da. Hori guztia atzeman daiteke diska honetako kantuetan.

I: Ska musikak 40 urte inguruko historioa du eta urte hauetan zehar influentzia asko jaso ditu. Ska musika Jamaikan sortu zen 60. hamarkadan, baina handik gutxira Ingaleterrara zabaldu zen eta bertan beste musiken eragina jaso zuen. Adibidez, batzutan punk musikarekin uztartu zen, edota soularekin. Eragin guzti horiek arakatzen ditugu eta horregaitik guk egindako kantak oso desberdinak dira bata bestearekiko. Reggae, soul, punk, swing... ikutu asko daude diskako kantuetan.

E!: Eta zein da zuei gehien gustatzen zaizuena?

I: Skaren barruko estilo guztiak gustatzen zaizkigu baina ez bakarrik Ska musika, beste musika estilo asko ere gustoko ditugu. Niri, adibidez, trikitixa asko gustatzen zait.

E!: Zuen kantuekin Ska musika zabaldu eta indartu nahi duzue, baina helburu hori betetzeko musika egiteaz gain, fanzine bat ere kaleratzen duzue.

I: Bai, "Skalari Rude Klub" izena du. Taldearen helburuetako bat Ska musika ezagutarazi eta zabaltzea da eta horretarako fanzinea kaleratzen dugu. Dohainekoa da eta etxean jaso nahi izanez gero Burlatako 108 posta kutxara idatzi besterik ez duzue, E- 31600 posta kodearekin. (informazio gehiago: www.skalariak.com edo posta elektronikoa: rudeklub@skalariak.com).

E!: Ez soilik Euskal Herrian, Katalunian ere jarraitzaile asko dituzuela badakigu.

I: Bai, estatu mailan Katalunia da ska zaletu gehien biltzen dituena. Mugimendu oso zabala dago han eta baita ska talde asko. Askotan, Euskal Herria eta Katalunia parekatzen dira skaren zaletasun horretan, baina, zoritxarrez, hemen askoz indar gutxiago du. Gaur egun heavy eta rock gogorra dira nagusi.

E!: Diskarekin jarraituaz, aipagarria da nazioarteko kutsua emateko izan duzuen interesa. Horretarako, adibidez, hizkuntz oso desberdinak entzun daitezke diska osoan zehar.

I: Ska oso musika internazionala da eta diska honetan hizkuntz desberdinak sartu nahi izan ditugu. Kantu gehienak erderaz dira, besteak beste, ni naizelako taldeko euskaldun bakarra, baina baditugu euskaraz kantatutakoak, eta bada bat, "En la calle" izenekoa, lau hizkuntz desberdin uztartzen dituena; euskara, italiera, ingelesa eta katalanera. Beste kantu batean errusiera ere entzun daiteke.

E!: Diskoa Andoaingo Garate estudioetan grabatu duzue, Kaki Arkarazorekin. Zer nolako esperientzia izan da?

I: Oso positiboa. Egia esan, oso baldintza onak dituen grabazio estudioa da Kakirena eta bera bezalako produktorea edukitzea luxu bat da. Oso pozik geratu gara emaitzarekin, nahiz eta jendeak esan beharko duen emaitza gustokoa duen edo ez.

E!: Jendearen erantzuna zuzenekoetan nabarituko duzue. Skalariak taldearen ezugarrietako bat zuzenekoak dira. Euskal Herrian gutxi izango dira zuek besain beste kontzertu ematen dituen taldea. Hori, batetik, pozgarria izan behar du, baina baita gogorra eta nekagarria, ezta?

I: Hala da. Gogorra da horrenbeste kontzertu ematea, baina badakizu gustora egiten diren gauzak neke gutxiago eragiten dutela.

E!: Zuek gainera Euskal Herritik kanpo kontzertu asko ematen dituzue, nahiz eta betidanik euskal taldeek kanpora aeratzeko zailtasun haundiak izan dituzten.

!: Bai, ez pentsa errexa denik. Lan asko egin behar duzu, kontaktu asko eta jende askorekin hitzegin eta negoziatu behar duzu. Dena den, kontzertu gehienak Euskal Herrian ematen ditugu.

Eta zihur horietako batean elkar ikusiko dugula berriro. Dantzan.